Haserre nago!!!

Proiektu hau abian jarri nuenetik, gorabeherak izan ditut idatzi honetan aipatzen nuen bezala, baina, neurri handi batean, aurreikusitakoaren arabera zihoan dena. Aspaldi honetan, gainera, oso gustura nengoen ikasleek emandako aurrerapausoekin. Bazirudien “txipa” aldatzen hasita zeudela eta jarrera pasiboa alboratuta zegoela, hori uste nuen nik, behintzat. Baina, badakizue: usteak, erdia ustel.

Baten batek autokritikarako gaitasun eskasa dudala esango badu ere, idatzi honen bitartez, nire ikasleen jarrera ezkorra agerian utzi nahiko nuke. Izan ere, ikasleak gauzak ongi egiten dituztenean, laudorioz betetzen ditugu eta gaizki egiten dituztenean, irakasleon errua dela pentsatzera ohituta gaude. Eta irakasleok “autoflagelazioa” egiteko joera izaten dugu. Nik ere askotan egin izan dudan gauza da hori, baina oraingo honetan ikasleen txanda iritsi delakoan nago.

Ikasleen autonomia bultzatu eta euren erantzukizuna sustatu nahi badugu, ezin dugu pentsa akats guztien errudun irakasleok garenik. Ikasleek ere zeresan handia dute eta euren gain hartu beharko dute eurei dagokiena. Bestela, ondoren azalduko dudanaren erantzukizuna norena den esatea eskertuko nizueke.

Orain dela hilabete bat hasi ginen blogen inguruko lanketa egiten. Burutu beharreko lehen jardueran, blogen inguruko informazioa bilduko zuen txosten bat prestatu behar zuten. Bada, talde gehienek egin dutena izan da nik lehen egunean erakutsitako webgune batean zegoen informazio laburra kopiatu eta itsatsi. Hori, besterik ez. Bitartean, talde lanean aritzeko erraztasunak ematearren jarritako txatean, egundokoak eta bi esateari eta egiteari eskaini diote denbora gehiena. Hau da, lau asteetan ez dute inongo lanik egin eta itxura egiten aritu dira. Beharbada, lan gidatuetara ohituta daude eta nire laguntzaren zain egon dira, baina badira hiru hilabete hasi ginenetik eta hasieratik oso garbi utzi diedan gauza bakarra horixe izan da: ez nizkiela gauzak mamituta emango, irtenbideak bilatzen ahalegindu beharko zutela eta horretan aurkituko nindutela. Salbuespentzat jotzen dut gisa honetako laguntza eske etorri direnak, oso gutxi izan baitira.

Bestalde, aitortu beharra daukat engainatuta sentitu naizela. Ez didate emandako konfiantzari erantzun. Iruzur egin didate.

Okerrena, ezertxo ere ez egiteko erakutsi duten ausardia, ondorioei aurre egiteko garaian, erabat desagertu eta, umetxo txikien gisan, negarrari ekin diotela.

Ez dugu ulertzen!!!

Hori saiatu den bati onartuko nioke hainbat lan egiterakoan. Ez da, ordea, oraingo kasua. Zer ulertu behar da nik emandako interneteko helbideak arakatzeko? Zer ulertu behar da gune horien zailtasuna, erraztasuna, baliagarritasuna… aztertzeko? Zer azaldu beharko dut nik zuen gustukoa diren edo ez esan dezazuen? Ez, ez eta ez. Aitzakia merkerik ez dut onartzen!!!

Jakin ezazue, Jakintza Ikastolan hartu dugun bideak ez duela atzera bueltarik. Zuentzat erosoagoa bada ere, dena mamitua emateak ez dizue inongo mesederik egiten. Horregatik, ikastolan oso garbi daukagu bide hau jorratzen jarraitu behar dugula, zuen autonomia bultzatzen jarraitu behar dugula (autonomo izateak erantzukizunak hartzea dakar), elkarlana sustatzen jarraitu behar dugula… Eta, horretarako, beharrezkoak diren baliabideak eskaintzen jarraituko dugu; baliabide teknikoak ez ezik, gure lana, gure laguntza, gure jakin-mina, gure hobetzeko grina… eskura izango dituzue. Zuen esku dago, hauei guztiei ematen diezuen erabilera.

Igaroa, igaro. Beraz, badakizue: Aditzaile onari, hitz gutxi!!!


Technorati Tags:

, , , ,